Portuigualdad - Igualdad de Oportunidades entre mujeres y hombres de Portugalete

Hizkuntza Aukeratu: Español Euskera
Hemen zaude: Hasiera Noticiero por la Igualdad de Oportunidades entre Hombres y Mujeres Archive 2007 09 15 Elkarrizketa Inmaculada de Miguel Herrán Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendariarekin
Ikuspegiak

Elkarrizketa Inmaculada de Miguel Herrán Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendariarekin

| -k bidalia webmaster2 | Esteka iraunkorrak | Violencia de Género

Fuente: (bizkaia.net)

Inmaculada de Miguel Herrán Gasteizen diharduen abokatua da, familia, emakume, zigor eta espetxe arloetan aditua. Arabako Abokatuen Elkargoko Gobernu Batzako kidea da, eta 1995. urtetik Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendari dabil Eusko Jaurlaritzan.

Zer dela eta uste duzu jendeak pentsatzen duela lege eta epaitegiekin zerikusia duen guztia bereziki konplexua eta lehorra dela? Zeintzuk bide zabal daitezke kultura juridikoa herritarrei hurbiltzeko?
Justizia herritarrengana hurbildu behar da, zalantzarik gabe. Erabili ohi diren hizkerak, erritualak, prozedurek eta moduek urruntze antzeko bat sor dezakete, baita, arloan prestakuntzarik ez duenarentzat, justizia konplexua den sentsazioa ere.

Kultura juridikoa herritarrei hurbiltzeko bideei dagokionez, ekimen batzuk abiarazi ditugu kolektibo batzuk kontuan hartuta:

  • helduentzat, Justizia Administrazioaren web orrialdearen -Justizianet- edo Justizia Administrazioaren Euskal Behatokiaren bitartez, zabalkunderako materialak eta aldizkako liburuxkak;
  • nerabeentzat, Hezkuntza Sailarekin batera programa batzuk egiten dira gazteak Justiziara hurbiltzeko, Justizia Jauregietan ibilbide didaktikoak eta gaiaren gaineko unitate didaktiko bat eginez (azken urteetan, 20.000 nerabek baino gehiagok hartu dute parte jarduera honetan eta bisitatu dituzte epaitegiak);
  • haurrentzat, "Justina" izeneko joko elkarreragile bat sortu da euskarri informatikoan, eta lanean ari gara haur eta nerabeentzako pertsonaia, joko eta formatu berriak sortzeko.

Ez dakitenentzat: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren barruan, zeintzuk dira Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren eginkizunak?
Deskribapen oso luze bat saihestearren, arlo handi batzuetan sailkatuko ditugu:

  • Erkidegoan, Estatuan eta nazioartean justiziari lotutako erakunde eta pertsonekin harremanetan jartzea eta koordinazioa egitea.
  • Arlo juridikoan eta judizialean eragileak prestatzea.
  • Epaitegien funtzionamendurako bitarteko material eta ekonomikoen (eraikinekin hasi eta informatizazioarekin amaitu) plangintza eta hornidura egitea.
  • Justizia Administrazioaren euskalduntzea.
  • Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko programak Justizia Administrazioan.
  • Justizia Administrazioaren modernizazioa, epaitegiak, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea, eta abar antolatuz eta justizia herritarrei hurbiltzeko programak abiaraziz.

“Instituzioen erantzuna etengabe berrikusi behar da, proposamenak, neurriak eta bitartekoak biktimen beharretara egokitzeko. Erantzun horrek berehalakoa, koordinatua era eraginkorra izan behar du, baita etengabea ere -emakumeek indarkeriaren ziklotik irtetea lortu arte-”

Epaile, magistratu, fiskal eta idazkari judizialentzako prestakuntza-programak kudeatzea da zereginetako bat; genero-indarkeriaren kontrako prestakuntza arloan areagotzerik ikusi da eskaintzan edo eskaeran?
Etxeko indarkeriari buruzko eta -Genero indarkeriaren kontrako babes integralerako neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoa onetsi zenetik- emakumeen kontrako indarkeriari buruzko prestakuntza etengabea izan da urte batzuetatik hona. Hala izanik, lege hori indarrean jartzearekin batera ahalegin handia egin zen prestakuntzan: urte hartan, José María Lidonen omenez eginiko II. Jardunaldiak lege horri buruzkoak izan ziren eta 70 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte. Horrez gain, gaiari buruzko ikastaro bat egin zen Fiskaltzako eta Idazkaritza Judizialeko profesionalentzat (30 pertsona bertaratu ziren). Urte hartatik, gai hauen inguruko ikastaro bat dago magistratu, idazkari eta fiskalentzako prestakuntza-programan, baita hiru euskal elkargoetako abokatuentzako programetan ere.
Horrez gain, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak Generoko eta Familia barruko Biolentziari buruzko Biltzarra antolatu zuen martxoan, Donostian. Bertan, 225 pertsona, arazo honi lotutako hainbat arlotakoak, batu ziren eta bertako eztabaiden ondorioz oso emaitza interesgarriak lortu ziren (Justizianet-en ikus daitezke).

“Biktima batzuek esku hartze poliziala edo judiziala eskatzen dutenean, bikotekideak jarrera aldatzea edo jotzen uztea nahi dute, eta ez dute nahi era kontziente batean babesteko agindu bat aktibatu -batzuek muzin ere egiten diote agindu horri-. Horrek Justizia Administrazioaren erantzuna zailago egiten du; izan ere, administrazio horren jarduera funtsean zigortzailea da”

Uste duzu behar bestekoa dela instituzioek emakumeen kontrako indarkeriari egun ematen dioten erantzuna?
Instituzioen erantzuna etengabe berrikusi behar da, proposamenak, neurriak eta bitartekoak biktimen beharretara egokitzeko. Erantzun horrek berehalakoa, koordinatua era eraginkorra izan behar du, baita etengabea ere -emakumeek indarkeriaren ziklotik irtetea lortu arte-. Egun, ahalegin handiak egiten dira instituzioen erantzuna nahi bezain eraginkorra izan dadin; hala ere, gertaera honen zergatien eta bilakaeran sakondu behar da, erantzun hori berraztertu edo egokitzeko.

Zuzendaritzan honako bi alderdi hauek azpimarratzen ditugu behin eta berriro:

  • prebentzioa: aldaketa kulturalari, balio sozialen eta eredu patriarkalen aldaketari oso estu lotuta dago, eta emakume biktimek beren erasotzaileekin duten mendekotasun emozional eta ekonomikoa apurtzea du helburu. Laburbilduz, emakumeen kontrako indarkeria sortzeko duen edozein jokabideren deslegitimazioa lortu nahi dugu.
  • babesa: aholku juridikoa, laguntza soziala, poliziala, judiziala, eta abar sartzen dira babes honen barruan. Izan ere, uste dugu zigor-sistema berez ez dela nahikoa mehatxu hau desagerrarazteko eta ondorioetan ez ezik zergatietan ere jardun behar dela.

Beraz, batetik, tratu txarrak jasandako emakumeek beren bizitzaren kontrola berreskuratzea, eta, bestetik, salaketa eginda emakumeek aktibatzen duten prozesu penalari buruzko gogoeta egitea da helburua.

Bada balio matxistak aldatu behar direla egiaztatzen duen daturik, beraz, ezin gara oso baikorrak izan epe motzera. Izan ere, genero-indarkeria bikotekideek elkarrekin emandako denboraz haratago -urte batzuetan- luzatzen da, eta, familia barruko indarkeriaren kasuan, biktimak, arbasoak zein ondorengoak, emakumeak izaten dira nagusiki. Beraz, esan genezake pertsona hurbilen kasuan, hau da, segurtasun naturaleko espazio batean (etxean) gertatzen den indarkeria gehienetan emakumeen kontrakoa dela.

“Gertaera konplexu guztietan (eta indarkeria matxista bereziki konplexua da), ikerketa, behaketa eta diagnosia egin behar da dagozkion ekintzak egin aurretik. Ondoren, ekintza horiek eraginkortasuna ebaluatu behar da. Arlo horretan, hain zuzen, eskuratzen du Behatokiak bere zentzu osoa, datuak eskaini eta erkatu eta gogoeta sustatzeko aukera ematen baitu”

Biktimek arreta egokia eta pertsonalizatua jasotzen dute beren ibilbide judizialean?
Areago, batzuetan gertatzen da biktimen itxaropenak ez direla betetzen. Biktima batzuek esku hartze poliziala edo judiziala eskatzen dutenean, bikotekideak jarrera aldatzea edo jotzen uztea nahi dute, eta ez dute nahi era kontziente batean babesteko agindu bat aktibatu -batzuek muzin ere egiten diote agindu horri-. Horrek Justiziaren Administrazioaren erantzuna zailago egiten du; izan ere, administrazio horren jarduera funtsean zigortzea da.

Biktimei laguntzeko zerbitzuak, Justiziaren Sailaren mende daudenak, oso lagungarriak izan daitezke, bai aholkua emateko, bai ibilbide judizialean laguntzeko.

Informazio bila www.justizia.net Euskadiko Justizia Administrazioaren web orrialdera jotzen dutenek erantzun egokirik lortzen dute beren eskaeretarako?
Justizia Administrazioaren web orrialdea etengabe eguneratzen da azken berriekin, lege-aldaketekin, protokoloekin eta beste gai interesgarri batzuekin. Berariaz jarri dugun postontzi baten bitartez helarazten dizkiguten iradokizun guztiak bildu eta aztertzen ditugu . Justizia.neten 100.000 sarbide inguru dugu hilean. Horrez gain, 2006. urtean, 1.293 kontsulta inguru egin ziren idatziz, eta berehalako erantzuna eman genien.
Edozein arlotan, eta honetan ere, proposatutako hobekuntzak onartzeko jokabidea da gure ezaugarria, hobetu eta berritu nahi dugulako.

Tratu txar fisiko, sexual, psikologiko, sozial, ekonomikoak…, zeintzuk jo behar ditugu herritarrok delitutzat?, zer dela-eta honen gaineko gure ezjakintasuna?
Tratu txar mota batzuez -fisiko, sexual eta psikologikoez- etengabe hitz egiten da hedabideetan; hori dela-eta, herritarren artean ezagunagoak dira delituzko egintza horiek. Tratu txar sozialak eta ekonomikoak -emakumeen kontrako indarkeriaren beste mota batzuk badira ere- ez dira hain garbi ikusten; hala ere, aurrera egiten ari gara eta egun ez da hain arraroa izaten entzutea laneko erasoez, emakumeek familian edo lagunen artean pairatzen duten isolamenduaz…

Garrantzitsua da adi egotea eta besterik gabe ez onartzea emakumean gutxiesteko edo txarto tratatzeko jokabide batzuk, emakumea gizonaren mende jartzeko edo egoera hori indartzeko erabiltzen den edozein bide indarkeriazko ekintzatzat edo arriskutzat joz.

Erasotzaileak tratatzeko zentroak zabaltzeak indarkeria gutxiagotzen lagunduko luke? Sendatu daitezke pertsona hauek?
Egun erasotzaileentzako programa batzuk daude; programa horiek hiru ardatz dituzte: jokabideari dagokiona, pertsonalitateari dagokiona eta psikopatologikoa. Hala ere, emaitzak ez dira oraindik behar bezain garbiak baieztatzeko erasotzaileak tratatzeko programa hauek erabat eraginkorrak direla.

Edonola ere, legeek ezartzen dute zigorrak berrezi eta gizarteratzeko jarri behar direla; beraz, bakarrik zentzu horretan (erasotzailea egin duen indarkeriaren eta eman duen minaren aurrean jarriz, egindako kaltea konpontzeko benetako borondatea sortzen denean bakarrik) jo daiteke egokitzat erasotzaileak tratatzeko zentroak irekitzea edo programak abiaraztea.

Nire ustez, onartezina da terapia horiek era faltsuan, hau da, zigorrak saihesteko erabiltzea. Ezin dugu ahaztu erasotzaileak emakumeekin duen jokabidea eta bere balio-eskema aldatu behar dituela, errehabilitatzeko. Eta hori ez da batere erraza.

Amaitzeko, Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokiak laguntzen du emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiten?
Gertaera konplexu guztietan (eta indarkeria matxista bereziki konplexua da), ikerketa, behaketa eta diagnosia egin behar da dagozkion ekintzak egin aurretik. Ondoren, ekintza horiek eraginkortasuna ebaluatu behar da. Arlo horretan, hain zuzen, eskuratzen du Behatokiak bere zentzu osoa, datuak eskaini eta erkatu eta gogoeta sustatzeko aukera ematen baitu. Horrez gain, elkartzeko eta errealitatearen berri emateko topagune gisa Behatokia egotea berezko balioa da, denok, emakumeak eta gizonak, pozteko modukoa.

Blog
« Martxoa 2015 »
As At Az Og Ol La Ig
1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31
Azken Sarrerak
Kategoriak
Hileroko Fitxategiak
 


Web gune hau hurrengo estandar betetzen du:
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa - gazteleraz