Portuigualdad - Igualdad de Oportunidades entre mujeres y hombres de Portugalete

Hizkuntza Aukeratu: Español Euskera
Hemen zaude: Hasiera Noticiero por la Igualdad de Oportunidades entre Hombres y Mujeres Archive 2007 07 04 Genero bortizkeria urte osoan borrokatzeko eskatu diote feministek Jean Greneti
Ikuspegiak

Genero bortizkeria urte osoan borrokatzeko eskatu diote feministek Jean Greneti

| -k bidalia webmaster2 | Esteka iraunkorrak | Violencia de Género
Iturria: Berria.info

Egiteko anitz gelditzen zaiola azaldu dio Herriko Etxeari eta bilduma eginen dute jaiak bukatu ondoren

Bide luzea ez da urrats batez egiten eta genero indarkeriaren arloan, Baionak egiteko luzea du aitzinean. Jaiei begira eta talde feministek lau urtez egindako presioari ihardesteko, genero bortizkeria borrokatzeko batzordea sortu du Jean Grenet auzapezak. Bortizkeria sexisten aurkako taldearen iritziz, garrantzitsua da lehen urrats hori, baina Herriko Etxeak lan handia dauka egiteko arlo horretan. Jaien ondoren bilduma eginen duela jakinarazi du talde feministak.

«Munduko bestarik ederrenak bezala saldu nahi izan ditu auzapezak, baina ezin du bortizkeria sexistaren errealitatea gorde», erran dute Anuntxi Aranak. Nesken janzkerak bortizkeria sexista suspertzen duela adierazi zuen auzapezak duela bi urte, nesken tangei erreferentzia eginez. Horrelako adierazpenak ekidin, eta genero indarkeria borrokatzeko bidean urrats bat egitea garrantzitsua dela jakinarazi du. «Hala ere anitz gelditzen da egiteko, borroka hori urte guztian egin behar delako, ez soilik jaietan».

Talde feministek ez dute parte-hartze zuzenik auzapezak eratu duen batzordean. Zinegotzi batek eginen du lotura haiekin. Auzapezak Poliziaren presentzia indartu nahi du jai eremuaren inguruan. Barnean bideo-zaindaritza baliatuko duela jakinarazi du. Ostatuak itxiak egonen dira goizeko hiruretatik aitzina, eta jai eremutik hurbil sorospen zerbitzuak egonen dira. Horrez gain, sexu erasoak salatzeko telefonoak jakinaraziko dituzte.

Poliziaren presentziaren inguruko eztabaida ekidinez, talde feministak azpimarratu du lehen aldiz genero bortizkeriaren arazoa aintzakotzat hartu duela auzapezak. Bestak bukatu ondoren gertaeren bilduma egiteko gutizia iragarri du talde feministak. «Gure aldetik ere informazio kanpaina zabala burutuko dugu, gauez zein egunez, neholako erasorik pairatu gabe besta askatasun osoz egiteko eskubidea daukagulako emazteek».

Egin duen urratsaz gain, bertze hainbat eskari egin dizkiote Greneti. Lehenik, urtean zehar antolatzen dituzten eztabaida publikoetan genero indarkeriari buruzko eztabaida antolatzeko eskatu diote, adituen presentzia bermatuz. Bestazaleentzako gida bat osatzeko eskatu dute, erasoek duten zigorrak azalduz eta biktimentzako laguntzak eta xehetasunak bilduz.

Biktimentzako laguntza guneetan egonen diren pertsonek prestakuntza berezia behar dutela erran du Aranak. Gauza bera telefono deiei erantzun beharko dietenek. Gisa berean, ostalerien eta peñetako kideen engaiamendua eskatu dute. Informazioa eta babesa eskaintzeaz gain, ostatu zein elkarteetako komunak irekita uzteko eskatu diete.

Bertzalde, Baionako erietxeko SAMU edo anbulantzia zerbitzuen ardura duen Tarak Mokni medikuak gertakarien informazio zehatza behar dela erran du. Auzapezak osatzen duen segurtasun zerbitzuan dago Mokni. «Zaurituen kopurua ematen den bezala eman behar da genero indarkeriarena, baina batzordean erraten dudalarik atzo gauean sei bortxaketa egon dira, salaketa jarri arte eta gertakaria baieztatu arte ez errateko eskatzen digute».

IRUñEAN ERE INFORMAZIO ESKARIA. Andreako koordinatzaile Tere Saezek genero indarkeria borrokatzeko egin dutenari buruzko informazioa eskatu die Iruñeko Udalari eta kultura, gizarte gaiak eta emakumea eta jaiak batzordeetako arduradunei. Iazko Sanferminetan hiru bortxaketa egon zirela gogora ekarriz, aurten burutuko duen informazio kanpainaren nondik norakoari buruzko xehetasunak eskatu ditu Saezek, bereziki Udaleko talde guztiek informazioa jaso duten eta herritarrei jakinarazi ote dizkieten hartutako neurriak.

Erasoak pairatu dituzten emazteei emanen dizkieten baliabideak zeintzuk diren eta nolakoak jakin nahi du Andreak, bai osasun mailan zein lege mailan. Gune arriskutsuetan erasoak ekiditeko baliabideak ezarriko diren ere galdetzen du. Erasoak gaitzesteko kanpaina euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez burutu duen galde egin dio Tere Saezek alkateari.

«Berdintasunean oinarrituz eta iformazio eskari honen bidez, jakin nahi dugu guztioi jaiak gozatzeko aukera emango diguten baliabideak ea plantan ezarri diren», erran du Saezek.

Blog
« Otsaila 2015 »
As At Az Og Ol La Ig
1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28
Azken Sarrerak
Kategoriak
Hileroko Fitxategiak
 


Web gune hau hurrengo estandar betetzen du:
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa - gazteleraz